fbpx

Elkartasunaren bidean ekimena

‘Elkartasunaren bidean’ ekimena: etorkinei lagunduz, ikasi

 

Gizartea, Teknologia eta Erlijioa irakasgaiak jorratzen ditu ‘Elkartasunaren bidean’ diziplina anitzeko proiektuak. Hala, DBH3ko ikasleek kamiseta bat egin dute prozesuaren fase guztiak landuz ikastetxean, enpresa baten antzera. Etorkinak aurrez aurre ezagutuko eta euren historiak entzungo dituzte, Amher elkartearen bitartez. Helburua: kamiseten salmentaz mila euro biltzea.

“Proiektuaren bitartez balioak lantzea da oinarria. Baita jendarteari zerbitzu bat ematea ere”, azaldu du Asier Irazusta Magale Ikastetxeko teknologia irakasleak. Hori dela eta, gizartea, teknologia eta erlijioa irakasgaien artean lantzen duten ekimenean dira DBH3ko ikasleak buru-belarri. ‘Elkartasunaren bidean’ izena du diziplina anitzeko proiektuak.

“Hiru irakasgai batu ditugu eta ekimena elkarrekin lantzen ari gara. Horretarako, kurrikulumean azaltzen diren atalak jorratzen ari dira, honako testuinguru honetan: gaur egungo egoeran kokatu ditugu ikasleak, gurera etorkin ugari datozela azalduta”, dio Irazustak.

Honez gain, etorkinen egoera sozio-ekonomikoa ikertu dute, herrialde horiek dituzten ezaugarriak arakatuz. Baita erlijioa ere. “Herrialde horietan asko baldintzatzen duenez erlijioak bizitza, bertako erlijioa aztertu dugu”, dio. Hala, migrazioa zergatik ari den gertatzen ikertu dute, etorkinen herrialdeotako egoera aztertuz. Baina xede nagusia argia da: kanpotik datozen pertsonak lagundu.

Horretarako, teknologian kamiseta bat prestatu dute, hainbat diseinuren artean bat aukeratuz. “Orain, enpresa batean bezala, prozesuko atal guztiak landuz ekoiztuko dituzte eta salmenta prozesu bati ekin. Helburua mila euro eskuratzea da. Izan ere, aurtengo kurtsoan Hernanin dagoen Amher elkarteari emango diogu laguntza”, azpimarratu du Irazustak.

Hala, euren bitartez, ikasleak taldeka elkartuko dira jatorri anitzeko etorkinekin, zuzenean ezagutu ditzaten: zerk bultzatu zituen Euskal Herrira etortzea, nolakoa zen euren bizimodua han… Zehazki, honakoak dira jatorriak: Ekuatore Ginea, Uganda, Mongolia, Uzbekistan, Kashmir, Maroko, Etiopia eta Kamerun.

Honenbestez, laster kamisetak salmentan jarriko dituzte ikasleek. Horretarako, blog bat prestatzen ari dira (elkartasunarenbidean.blogspot.com), baina zuzenena, kamisetak email bidez eskatzea duzue: elkartasunarenbidean@gmail.com. Laguntzeko, elkartasunaren bideak urratzea ezinbestekoa baita. Eta ikasiz bada, askoz hobe.